Juan Antonio Aboitiz
Juan Antonio Aboitiz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lekeitio, 1751ko apirilaren 3a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Lekeitio, 1824ko urriaren 2a (73 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania latina |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiza, botanikaria eta idazlea |
Juan Antonio Aboitiz Asterrika (Lekeitio, Bizkaia, 1751eko apirilaren 3a - 1824ko urriaren 2a) abade katolikoa eta bertso sortzailea izan zen. Haren konposizioak asko zabaldu ziren XVIII-XIX mendeetan ahoz-aho, "Txanton Pipirri" eta "Peru Dubako" izeneko bertso sortak bereziki.[1]
Datu biografikoak
Juan Antonio Aboitizen bizitzako datu gutxi ezagutzen da. 1970. hamarkadan Nikolas Alzola Gerediagak, Urkitza abade lekeitiarraren laguntzaz, elizako sakramentuen artxibotik, jaiotza eta heriotza data zehatzak atera zituen, baita guraso eta aiton-amonen izenak ere: aita Juan Aboitiz, Juan Aboitiz eta Domeka Zarakondegiren semea; eta ama Ursola Asterrika, Antonio Asterrika eta Catalina Uskolaren alaba.[2]
Lehenik Mendexako abade izan zen, eta 1815 inguruan Lekeition postua lortu zuen;[3] hor jarraitu zuen 1824ean 74 urterekin hil arte.[1]
Lekeitioko Udal Artxiboan Juan Antoniok izandako zenbait pleituren dokumentuak gordetzen dira, hala nola Ispasterko gizon baten aurka jarri zuena, 461 erreal eta 8 marai balio zuten arto-anega batzuen kontura.[1]
Badirudi Juan Antonio Aboitiz XVIII mende amaieran Lekeition egiten ziren tertulia ilustratuen partaide izan zela. Aita Donostiaren eskuizkribuetan agertzen den testu honetatik ondorioztatu daiteke hori: "La melodía que trascribo [“Boga-boga” kantuaz ari da], pudiera bien ser parte de alguna pieza de teatro (al estilo “El borracho burlado”) representada por la aristocracia lekeitiarra de fines del XVIII. Había en este tiempo entre dicha aristocracia (los de Otxandategi, Oxangoiti, Renteria, Navarro-Larreategi) la costumbre de celebrar veladas literarias y concursos de poesías en romance y bascuence por acontecimientos que hoy nos parecen fútiles: la traída de aguas, el plantío de árboles en la alameda, etc. etc.; y eran, generalmente, las señoritas las encargadas de expresar su peor o mejor genio poético o literario". Itxura guztien arabera, "la traida de aguas" esaten duenean, 1800ean Trakamailgo ur-ekarrerari jarritako bertsoez ari da; beraz, litekeena da Juan Antonio Aboitiz tertulia hauetan parte hartu izana.[1]
Botanikan nolabaiteko interesa ere bazuela badakigu. Madrilgo Errege Lorategi Botanikoaren zuzendari Mariano Lagascarekin kolaboratu zuen, euskal kostalde honetako landareak jasoz; 1817ko ekainean Josep M. Prat-ek honekin lotutako bisita egin zion. Prat botikaria zen, eta politikari liberala; eta Lagascari idatzitako gutunean kontatzen dionez, Aboitizek inpresio ona egin zion, pertsona alaia zelako; herriko emakume nagusi batekin jasotzen zituen belarrak mendian; eta Mendexatik Lekeitiora pasatuz geroztik, belarretan gutxiago aritu zen: “Pasé a Lekeitio y allí encontré a mi buen Aboitiz contentísimo con su carta que la ha leído, traducida al vascuence, a la vieja que le acompaña en sus excursiones herbolarias. Ya tiene Vd. Un buen amigo perpetuo en ese hijo de Bizkaia. Sin embargo no trabaja linealmente como en el año anterior porque se ha bajado de la anteiglesia de Mendeja a su Cabildo, donde creo que es ya ración completa lo que cobra, come, y le asegura una buena muerte. Es eclesiástico y trata de acabar sus largos días con satisfacción de cuerpo y alma”. Lagascaren artxiboan Aboitizek idatzitako gutun bi gordetzen dira, 1817 eta 1818koak; bertan lagin bilketari buruz hitz egiten ditu eta ikus dezakegu, landareak Madrilera bidaltzeko, Arrainaren eta Ardoaren Bidean[4] joan-etorrian ibiltzen ziren mandazainez baliatzen zela.[3]
Ekoizpena
Juan Antonio Aboitizek eginiko bertso-sorta gutxi batzuk baino ez dira gordetzen. Berak, itxuraz, ez zuen argitalpenik egin, eta jaso diren bertsoak ahoz ahoz transmititu dira, harik eta zenbait autorek idatziz jaso arte; litekeena da beraz, bertso sorta gehiago konposatu izana, orain galduta daudenak. Hau da ezagutzen diren bertsoen zerrenda (iturrien arabera, izenburua aldatzen delarik):[5]
- Chanton Pipirri.
- Belasquilloren cantia / Ezaguna naiz neu, Velasquillo.
- Dn Juan Antonio de Aboitizec atera eutsen cantia iru adisquide buruguin ta vicitza onaren zale, Laitiz, Chingua eta Eguzquiri / Zeugana nator, Pedrochu.
- Canción que Aboitiz saco a una aldeana de Bedarona que la encontró llorando sentada al pie de un arbol, porque en Lequeitio la dijo una muchacha que era pecosa / Tortolatxu bat basuan.
- Audiencia del Mono / Canción de Aboitiz a Machango. Este era un mono.
- Canciones de Aboitiz á las fuentes de Tracamaldi en 1800 / Tracamailgo erreguiña.
- Peru Dubaco / Toto pintotxo.
- Albako mezetara.
- Elantxobeko atso iletariak.
- Ardi-narruz jantzirik.
- Beste bertso sorta baten erreferentzia ere ba dago, "Mendi altu orretan" izenarekin, baina testurik ez da ezagutzen, izenburua bakarrik. Juan Ruiz Larrinaga fraide frantziskotarrak aipatu zion Resurreccion Maria Azkueri, 1902an hari idatzitako gutun batean; honek ere, "Morfologia vasca" lanaren bukaeran “De autoridades” atalean aipatu zuen kantu hau (p.807-808).[6] Badirudi Ondarroan eginiko gabon kanta bat zela.[1]
Bistan denez, bertso batzuek zabalkunde gehiago izan zuten, besteen aldean. Esan daiteke garai batean arrakasta handiena izan zutenak "Peru Dubako / Toto pintotxo" eta "Txanton Pipirri" sortak izan zirela. Azken honen bertso-paperak ezagutzen dira, eta izenburua behintzat (edukia ez) lehen euskal operaren inspirazioa izan zela dirudi (Txanton Piperri, 1899). Aboitizen kantu hauek Lekeitioko herritarren ahotan -eta are kanpokoetan ere- mantendu ziren urte askoan, gutxienez 1936ko gerrara arte; gerora, ia guztiz desagertu ziren.[1] Halere, lekeitiarren ahotik desagertu arren, zenbait euskaltzaleren eskuizkributan jasota geratu dira.
Aboitizen bertsoak jasotzen dituen bildumarik zaharrena Jose Antonio Uriarte (1812-1869) fraide frantziskotarraren eskuizkribu bat da, "Poesia Bascongada. Dialecto vizcaíno" izenekoa. Uriarte Lekeition bizi izan zen aldi batez,[7] 1860 inguruan, eta kantu bilketan ari izan zenean, jendeak oraindik gogoan zeuzkan 25 bat urte lehenago hildako Aboitizen hainbat bertso. Berak bost jaso ahal izan zituen: Txanton Pipirri, Belaskilloren kantia, Zeugana nator Pedrotxu, Tortolatxu bat basuan, Matxango eta Trakamailgo erregiña.[8] Handik urte gutxira, Jose Ignacio Aranak (1838-1896), hiru jaso zituen: Txanton Pipirri, Matxango eta Peru Dubako.[1] XX. mende hasieran, berriz, Resurreccion Maria Azkuek (1864-1951) bi kopla labur jaso zizkion emakume nagusi bati (Albako mezetara eta Elantxobeko atso iletariak). Eta 1920. hamarkadan, oraindik, Juan Bautista Eguzkitzak (1875-1939) Aboitizen beste kantu bat jaso ahal izan zion marinel nagusi bati (Ardi-narruz jantzirik).[5]
Bertso sorta ezagunenak hainbat bilduma eta kantutegitan berrargitaratu izan dira, bertsio ezberdinetan, eta askotan Juan Antonio Aboitizen egiletzaren berririk eman gabe.[1]
2001 urtean, Oskorri musika taldeak "Vizcayatik... Bizkaiara" diskan Aboitizen hiru kantu grabatu zituen: "Txanton Pipirri", "Matxango" eta "Belaskilloren kantia".[9]
Halere, Juan Antonio Aboitiz oraindik egile "ia sekretua da, gutxi estudiatu dena", eta bere garaiko beste idazleen aldean ezkutuan gelditu da; zentzu horretan, Durangoko zilarginak edo Pantxillon bezalako egileen antzeko kasua da. Izan ere, sortzaile hauek itzal handiko zenbait idazleren garaikideak izan ziren, hala nola Juan Antonio Mogel (1745-1804), Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) edo José Patricio Astarloa (1751-1821), bizkaiera literarioaren sortzailetzat hartzen direnak, eta testu kopuru nabarmen handiagoa utzi dutenak.[5]
Ezaugarri literarioak
Ez dago argi Aboitiz poeta, bertso jartzaile edo bat-bateko bertsolaritzat hartu behar den. Izan ere, hasieran bertsook ahoz aho transmititu ziren, eta ez da ezagutzen Aboitizen idatzirik. Halere, adituen arabera, bere ekoizpenean bertso jarrien ezaugarriak, eta are olerkienak, ikus daitezke. Gainera, lekukoen arabera, Aboitiz bat-bateko bertsoak botatzeko ere gai zen.[10]
Edonola ere, zalantzarik ez dago Juan Antonio Aboitiz herri-poeta ezaguna izan zela; bere hainbat bertso ahoz aho zabal ibili ziren urte askoan, ez bakarrik Lekeitio inguruan, baizik eta Bizkaia osoan ere. Horren froga argia da XX. mendean ere hainbat aldizkaritan argitaratu izana, eta euskal biltzaileek ere bere Aboitizen hainbat kantu jaso izana haien bildumetan (Azkue, aita Donostia, Julio Bareño, Aitzol...).[1]
Aboitizen bertsoetan bizitasun, umore eta sentsibilitate handiak nabari daitezke: apartekoak dira Peru Dubakok Bilboko dendariarekin duen solasaldi bizia; Bedaronako neskatila kontsolatzeko egiten duen ahalegina, zuhaitz baten pean negarrez aurkitzen duenean; edo are, Matxango tximino presoarekin erakusten duen elkartasuna (animalistarik ez zegoen garai batean!).
Aipatzekoa da, baita ere, bertsoon hizkuntza aberastasuna. Uriartek "apaindutako" testuak Bizkaiko eredu zabalagora ekarriak badira ere, beste bertsioetan Lekeitio inguruko euskara zaharraren expresio asko ikus ditzakegu: "igez lehen" forma, azkenaurreko urtea esateko; "aztrua", igarle edo aztia; "duban, dubarik" dohain, dohainik adierazteko; "goizerik gabera, "bertarik", ablatibo forma zaharrak goizetik gabera, bertatik esateko; "poza pozura" esamoldea, "tripak egitean gur-gur, bartko aparia agur" esaera... Bertsoen azterketa literario osoa egin gabe dago, baina Jabier Kalzakortak 2017an hainbat detaile aurreratu zituen.[1]
Bertso sortak
Esan bezala, Aboitizen bertsoak jasotzen dituen idazkirik zaharrena Jose Antonio Uriarteren "Poesia Bascongada" eskuizkribua da, Arantzazuko santutegian gordetzen dena eta, bertako hainbat testu atalka argitaratu ostean, 1987an osorik argitaratu zena.[8] Adituen arabera, ordea, idazki honetan jasotzen diren sei konposizioetan Aboitizen idazkera nabarmen aldatua dago, Uriartek jasotako bertsoen hizkuntza "apaintzeko" ohituraren eraginez. Santi Onaindiak, Karmelo Etxenagusiak eta Xabier Amurizak Uriarteren bilduma honetatik hartu zituzten Aboitizen bertsoak, beraien antologia edo bildumetarako.[1]
Jose Ignacio Aranak bildutako hiru bertso sortak (Peru Dubako, Txanton Pipirri eta Audiencia del Mono), ordea, beste iturri batetik datoz: Uriarteren bertsioaren aldean, Aboitizen jatorrizko hizkeratik hurbilago daude, eta zenbait kasutan ahapaldi gehiago gordetzen dituzte.[1] Lehengo bien kasuan, beraz, Aranaren testua lehenetsi dugu.
Juan Bautista Eguzkitzak 1921ean bildutako "Ardi narruz jantzirik" izeneko bertso sorta ez zen guztiz ezezaguna (lehendik zenbait aldaera ezagutzen ziren),[5] baina Eguzkitzak bildu zuena da bertsiorik osoena, hemen jarriko duguna.
Gainontzeko bertsoen kasuan, bertsio bakarra ezagutzen denez, hura ipini dugu. Atalen izenbururako ortografia eguneratua erabili badugu ere, testuan jatorrizko ortografia errespetatu dugu.
Txanton Pipirri
(Jose Ignazio Aranak bildutako bertsioa).
Bertsoen doinua Bertsolaritzaren Datu Basean entzun daiteke.[11]
Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2017an.[1]
CHANTON PIPIRRI
1
Chanton Pipirri emen dago
Limosna on bat baleuco,
Cantau biar dot, baldin albadot,
Neure sabelen gosia
Erruquitu baledi gentia.
2
Gustis sabala dot sabela,
Bardin bardin dot guibela,
Eta bacochac cabiduco leuque
Gambela bete oquela,
Baña nos isango eteda?
3
Nire sabelac secula
Estau esan estot gura.
Ceimbat gueyago, ainbat nayago,
Betor arin oquela,
Bete albanei sabela.
4
Estago errotan arriri[c]
Nire aguinac langoric.
Aguin bacochac chiquituco leuque
Ogui aundi bat osoric,
baneuco bigun bigunic.
5
Nosbait batzen ditu[t] calian,
Besigu dempora sanian,
Oguei chicharro eta gueyago
Baña gustiac gabian,
Sartzen ditut neure sabelian.
6
Orduan ondochu neguan
Gauerdi osteraguiño.
Andic goisera nire sabela
Beti dago gur… gur…
Barco apariya agur.
7
Biyaramonian apala,
Dauco[t] tripaco asala,
Orduan baleuco
Persona batec noc opa
Perol andi bete sopa.
8
Iru mutillec Ypasterren
Apostu bat egin eben:
Jango ebela goiseric gabera
Amar erraldeco chala,
Neu laugarrengoco nitzala.
9
Posarren neguan sororic,
Jateco laum bat osoric.
Nire contubac beti alanguac:
Juan zan posa posura
Amesac oi diran modura.
10
Ni jayo nitzan orduan,
Astrua presente seguan.
Artun nenduan bere moduan
Eta eseutsan amari
Andria, entzuisus berba bi.
11
Suk jayo dosun semia
Asico daben iñudia
Isaten espada Bilbon Giralda,
Estot pentzetan bertaric
Ondo asico dabenic.
12
Astrua isantzan igarlari
Pregunta neure amari.
Asi nenduan bere moduan
Sarri ausuac emonic
Esnia beyen erroti.
Belaskilloren kantia
(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).
BELASQUILLOREN CANTIA
1
Ezaguna naz
Ni Belasquillo
Aspaldijetan errijan:
Soldadu errasu
Ibilli nintzan
Azterricaco mendijan.
Vicitza obaric
Ez dot nic izan
Secula neure vicijan.
2
Igaz celaijan
Arat egonda
Neuncazan libra bi ogui:
Aurten biarra
Eguinda bere
Ibilli oi naiz ciogui
Aurtengo urtia
Igazcuagaz
Ez jat bardiña etorri.
3
Gaita gallegan
Cantauko deutsut
Baquiac ein deustan caltia:
Baquiac bestiai
Ecarri deutse
Euren echera baquia
Niretzaco barriz
Baquiac eguin dau
Baqueric bagaco guerria.
4
Era ain onac
Bere burpillen
Goico aguiñen ganian
Erabilli nau
Azterricaco
Mendijan nembillanian
Burpillac gira
Ni bere azpira
Baquia eguin danian.
5
Len apainduta
Fraca ederraquin
Ebillenian guerria:
Orain bacutsu
Celan nabillen
Eguin danian baquia.
Anchiñatic da
Chasco emotia
Fortuna iraupen baguia.
6
Errementari
Ala orecari
Cein ete neuque obia.
Nic ondo daquit
Astuna dala
Niretzaco malluquia.
Astunagua
Ete dan nago
Alambere orequia.
7
Errementari
Izan nadin da
Igues Gasparren zaldijari.
Zaldardunac ba
Eutsi leiquijo
Neguan orequiari
Aparta baña
Al dabenian
Aren osticadiari.
Zeugana nator Pedro
(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).
DN JUAN ANTONIO DE ABOITIZEC ATERA EUTSEN CANTIA IRU ADISQUIDE BURUGUIN TA VICITZA ONAREN ZALE, LAITIZ, CHINGUA ETA EGUZQUIRI
1
Ceugana nator Pedro
Barri on bat dacart
Nire barru guztija
Issiotu jatan bart:
Sarri icusi dodaz
Gabon alegriac
Baiña bartcuagazco
Utsac dira guztiac.
2
Bart ondo apalduta
Gaberdi ostian,
Asmo hau nerabillen
Nic neure artian:
¿Cec euqui lei guizona
Beti penapian
Ibilli al izanic
Zaldijen ganian?
3
Natortsu bada Pedro
Ta gura dot jaquin,
Al dan nire asmua
Zuriagaz bardin:
Secula asmo obaric
Ceuc ez dozu artu
Arren ascoz lenago
Otu balichatsu.
4
Ceuri beguira nago
Chingua arrituta
Baquit ez zagozana
Goistic ordituta[12]
Laitizco gallegua
Bere Chinguagaz
Pozic juango jatsu
Edonora ceugaz.
5
Dn. Quijote Manchacoc
Bere jornadetan
Erabillen Chingua
Otz ta edurtzetan
Goissian bialdu dot
Seme bat bere esque
Lain Calbon peluquia be
Ac ecerri leique.
6
Medico izateco
Baquizu Chingua
Aspaldi guztijetan
Dozu tituluba:
Bedarragaz lupuba
Osatuten dozu
Beste gachontzat bere
Cerbait jaquingo dozu.
7
Neu bere Medicu naz
Celaco, edo alaco
Ascoc billatuten nau
Biar nabelaco:
Urten bada echetic
Artzeco entzutia;
Alper bada entzute baga
Medicu izatia.
8
Nai ta ez biar dozu
Chingua chigua
Nai moda barricua
Nai anchiñacua´
Nolabaita Chigo bat
Soñera ezquero
Ordubanche zagoz zu
Eguinda Galeno.
9
Eta barriz oraindic
Nun dozu Eguzqui?
Zure asmuen barri
Arec ete daqui?
Bai Pedrochu ac baqui
Nire asmuen barri
Berac nigas batera
Nai leuque etorri.
10
Baña niri icaslaric
Ez jat ez conveni:
Nai dozu egin daguidan
Osaguillia Eguzqui?
Ogui andi bat bere
Eiten bada erdi bi
Aurqui bacocharentzat
Izango da guichi.
11
Agur bada Pedrochu
Ni orain banua
Uste dot ecartia
Ogueico zorrua:
Ojala ba Chingua
Icustia zu emen
Indijanu eguinda
Arren bada. Amen.
Tortolatxo bat basuan
(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).
CANCIÓN QUE ABOITIZ SACO A UNA ALDEANA DE BEDARONA QUE LA ENCONTRÓ LLORANDO SENTADA AL PIE DE UN ARBOL, PORQUE EN LEQUEITIO LA DIJO UNA MUCHACHA QUE ERA PECOSA
1
Tortolachu bat basuan
Bacar bacarric neguan
Bere penac cantetan eguan
Arbola baten onduan
Eta onelan ciñuan.
2
Ez daucanac fortunia
Uri baten jaijotia
Izan arren perfectia
Ciur dau ac izatia
Uritarrentzat tachia.
3
Naturalecia condenetia
Da pecaduna tachetia
Ezpada esaizu ia
Pecatu dan ifintia.
4
Aren urrengo entzutia
Tortola pecaz betia
A izan zan sartutia
Erraijetan ezpatia
Ta vijotza puscatzia.
5
Celai berde ta ederra
Lora baga bere eder da
Baña udan aguertzen da
Lora pecaz apainduba.
6
Simbirio cerucua
Media naranja goicua
Azula dozu fondua
Izar ascoc edertua
Eta tacharic bacua.
Matxango
(Jose Ignazio Aranak bildutako bertsioa).
Aranaren eskuizkribuan 17 ahapaldi daude (esan bezala, Aboitizen idazkeratik hurbilagotzat har ditzakegunak, eta hemen "Ar." oharrarekin identifikatuko ditugunak); Uriarteren "Poesia Bascongada"n, berriz, 25 ahapaldi datoz (Aranari falta zaizkionak gehitu ditugu, "Ur." oharrarekin).
Bertsoak tximino bati eskeiniak daude. Tximino hau Uriosolo abadearen etxean zegoen, Lekeitioko enparantzako balkoi batean kateatua, eta dirudienez oso famatua izan zen, bere izena Lekeition "tximino" hitza ordezkatzeraino.[13] Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2017an.[1]
AUDIENCIA DEL MONO (Ar.) / CANCIÓN DE ABOITIZ A MACHANGO. ESTE ERA UN MONO. (Ur.)
1 (Ar.)
Pedimentu aundi bat
Alcate aurrian,
Machangoc presentau dau
Bere icenian:
Quendu deiyola laster
Guerrico soquia,
Eta emon deyola
Bere libertadia.
2 (Ar.)
Nic dot, alcate jauna,
Machango icena,
Machango neure aita
Baita amarena.
Gu guera Maracaibon
Gustisco nobliac
Asucre ta cacao
Ascoren jaubiac.
3 (Ar.)
Baditu neure aitac
Bapere sor baric,
Ogueta sortzi mendi
Cacaos beteric.
Ondasunac gustiac
Neuriac isanic,
Celan sufridu naique
Presondeguian nic.
4 (Ar.)
Ara, alcate jauna,
Neure visitzia,
Oranche entzungo dau
Dan legues gustiya.
Icusiric berorrec
Neure desgrasiya,
Arren emon biar dau
Laster sententziya.
5 (Ar.)
Jauna, igues lenian,
Mayetzeco illian,
Pasiatzen nebillen
Neure jardiñian.
Ara etorri siran
Emengo guison bi
Ostu ta ecarteco
Ni Maracaiboti.
6 (Ar.)
Falsidade andiyas
Asi siran biyac,
Emoten escu-muñac
Eta cortesiyac.
Nic be erantzun neutzen
Maracaiboco usora
Ta sartun nituban
Jardiñian barrura.
7 (Ar.)
Jarri sirian biyac
Canape eder baten,
Eta bata asi san
Onela esaten:
–Dama ederra, ni naiz
Embajadore bat
Erregalo andiyac
Dacardas suretzat.
8 (Ar.)
Gure erregue jaunac
Bere fortunatzat
Seu escogitu saitu
Bere esposatzat.
Ontzi barri eder bat
Ara erriberan,
Guc seu eruateco
Enbarcauta bertan.
9 (Ar.)
An datos presentiac
Baliyo andicuac,
Gustiac chit dirade
Moda barricuac.
Beraris eguin dira
Suretzat Londresen,
Secula alacoric
Sartu ez da emen.
10 (Ar.)
Barris sure damatzat
Oguei loro datos,
Arec ta criaduac
Su servitzeco dagos.
Orra nic eguin deutzut
Neure embajadia,
Orain jaquin biar dot
Sure borondatia.
11 (Ar.)
Embajadore jauna,
Erantzun neutzan nic
Sarritan neuc entzun dot
Aitajaunagandic
Estaguala iñun
Erri obiagoric
Maracaiboco mendi
Ederra lacoric.
12 (Ar.)
Au alan izan arren
Ceuc baderechosu,
Erregue aundi orren
Cartia ecasu.
Eracutzi deiyodan
Neuc aita jaunari
Erantzun nai badeutzo
Cortesiyas ari.
13 (Ar.)
Orduban atera eban
Faltzuak soca bat,
Orain bere guerriyan
Ona emen daucat.
Preso eguin nenduben
Neure jardiñian
Eta sartun poliqui
Euren batelian.
14 (Ur.)
Gau atanche beratan
Neure aita il zan
Naibaguez, jardiñetic
Nora ete nintzan:
Ama penaz beteric
Saminduric dana
Beti beti negarrez
Oraindic vici da.
15 (Ar.)
Sartun ninduenian
Bateletic ontzira,
arrituta neguan
loruari beguira.
Sarri etorri jatan
Echia gogora,
Jaten neguanian
marcaco gogorra.
16 (Ar.)
Lorua, suc eguac
Eta nic sancuac,
Biyoc isan ditugus
Provechu bacuac.
Galdu dogu betico
Gueure libertadia
Eta erosi dogu
Betico catia.
17 (Ar.)
Jan bague egon nitzan
Saspi egunian,
Bela emon guenduan
Sortzigarrenian.
Esin esan lesaque
Nic neucan penia
Bistatic juatanian
Aitaren echia.
18 (Ur.)
Bidian gosiagaz
Jaten neban bria
Au zan ontzi ataco
Janari pobria:
Sarri etorri jatan
Echia gogora
Jaten nenguanian
Marcaco gogorra.
19 (Ur.)
Eldu guiñian bada
Gueu Lequeitijora
Iru urte osuac
Laster laster dira:
Emen saldu ninduben
Betico esclaba
Ain zucen abade bat
Dot neure ugazaba.
20 (Ur.)
Guzurric esan baga
Autortu biar dot
Neure zorijonian
Ugazaba ona dot:
Gabaz lo eguiteco
Baditut alforjac
Baita eguerdijan bere
Sarri ogui sopac.
21 (Ur.)
Ona etorten dira
Mandazain Naparrac
Aragones, Alabes
Baita Gaztelarrac
Oneec niretzat dabe
Dacarren guztija
Sagar eta madari
Ta oquela zatija.
22 (Ur.)
Baña orregatiño
Ez nago contentu
Guerrico soca ausse
Gure neuque quendu:
Libre zorijonian
Echeco catua
Eta socaz lotuta
Machango gaissua.
23 (Ur.)
Ugazaben ondoric
Laissian chacurra
Pasietan calara
Darijola adurra;
Ni barriz esqueguita
Balcoe batetic
Lagun erruquior bat
Aurquitu ecinic.
24 (Ur.)
Orra Alcate jauna
Nire tragedija:
Orain emen entzun dau
Dan leguez guztija:
Plater bat ez dot ausi
Secula echian:
¿Cegaitic nauque bada
Lotuta cateian?
25 (Ar.)
Orra, alcate jauna,
Esan da eguiya,
Orain escatutzen dot
Sintzo justisiya.
Bada nire echetic
Escatuco dira
Guison gaisto ayentzat
Castiguac milla.
Trakamailgo erregina
(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).
CANCIONES DE ABOITIZ Á LAS FUENTES DE TRACAMALDI EN 1800
1
Tracamailgo erreguiña
Etorri da caira
Gaztaliako damac
Ona biar dira:
Betoz Arraneguico
Nesca cantarijac
Esotu beijez emen
Euren estarrijac.
2
Ucatutecua zan
Aldats barrenian
Ondo pompoisa dago
Aldats goijenian:
Sinistu nai ez ebenac
Betoz icustera
Bada nivelauco dau
Errenac zucena (*).
(*) Alude al fontanero inglés que era cojo.
3
Lau alaba eguin deuscuz
Gure erreguiñac
Laurac infanta eder
Guztizco urdiñac:
Dona Esperantza da
Lelengo alabia
Infante Esperantza
Guichigaz ernia
4
Doña Graciana da
Bigarren jaijua
Gamarraco plazaco
Infanta mardua:
Bere ezpanetatic
Perlac durijacaz
Arec batzera duaz
Damac ontzijacaz.
5
Urtarrillaren lauban
Illuntze illunian
Erreguiña joiala
Echera cochian
Arraneguico zabalac
Izan eban dichia
Infanta Doña Diana
Bertan guelditzia.
6
Eldu zaneco bada
Erreguiña echera
Apainduta urten eban
Balcoe batera:
Icusi ebenian
Arraneguitarrac
Pocic eguin eutsezan
Viva diadarrac.
7
Bijaramon gossian
Zabal zan errijan
Laugarren infantia
Jaijo zala caijan.
Izena imiñi eutsen
Doña Biarrena (Lavadero)
Errija ondasunez
Beteco dabena.
8
Erreguiñac azten dau
Bere bularrian
Infanta laztanena
Guztijen artian:
Mosuca yan biar dabe
Grumete mutillac
Doiazanian urez
Betetan barrillac.
9
Portu Lequeitijoco
Marinel ondraubac
Poztu uragaz vici
Biar dozubenac:
Uric ezarren ura
Sarri edan bozu
Uragatik ardaua
Orain edango dozu.
Albako mezetara
(Azkuek Gillerma Akarregi lekeitiarrari jasotakoa, Cancionero Popular Vasco (1919) egiteko zirriborroetan agertzen dena).
Albako mezetara niñoan goizean
Ispiño topau neban etxean aurrean
Aittaitta, zer diñozu Iturriokaitik?
Batzuek diñoe ze eztauala urik.
Zaiña orregaitiño neure eritzian
ezkara geldituko ur barik errian.
Elantxobeko atso iletariak
(Azkuek Gillerma Akarregiri jasotakoa. Cancionero Popular Vasco egiteko zirriborroetan agertzen da, ohar honekin: "Elantxobetar emakume batzuk orain larogei urte, Ondarroa’tik euren urirantz joazala, Lekeitio’tik igaroeran, Aboitiz abade barregarriaren otseina sapailoan ikusita, bere ezaintasunari barre kar-kar-kar egieran. Aboitizek barrutik urten ta arnasan otu jakon kantutxu auxe oyu egitea").
Elantxobeko atso iletariak
gabean gabontzak kantari motzak,
egunez barriz ugarazioak:
aretxek direala zuen musikoak.
Peru Dubako
Zalantza barik, Aboitizen kantu ezagunena. Eredurik zaharrena Jose Ignacio Aranaren eskuizkribuetan jasotakoa da -hemen jarri duguna-; lehen argitalpena, berriz, 1889koa da, J. A. Santestebanen "Colección de Aires Vascongados para Canto y Piano" bilduman.[14] Aboitizen kantu zabalduena izan arren, bere egiletza ez zen ezaguna (Aita Donostiak 1940. hamarkadan egindako bilketa lanean, adibidez, lekukoek kantu hau kantatu zioten, baina ez zekiten nork egina zen). Halere, egiletza hori gutxienez Azkuek seinalatua zuen 1925ean, "Morfologia vasca" lanaren "De autoridades" atalean (p.807-808).[6]
Bertsoen doinua Bertsolaritzaren Datu Basean entzun daiteke.[11]
Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2017an.[1]
PERU DUBACO
1
Peru Dubacoc uste eban se
Etzala diru biarric,
Macallau ona ecarriteco
Bilboco Barren-caletic.
2
Gustis dotore palu bategas
Sartun san Bilbon barruan,
Chacur gorri bat oin suriaquin
Ebala bere albuan.
3
Sartun sanian Barrencalian
Macallau asco icusiric,
Escatu eban emon leijuela
Lepua bete artatic.
4
–Ene guisona, faltauco es jatzu
Ceure lepoco carguia,
Baña amar lauco costauco jatzu
Macallau onen libria.
5
–Ene andria, ser diñustasu
Ser Jaungoicuaren graciya?
Certaco dosu olan euquita
Macallau munto gustiya?
6
–Ser esaten doc ¡Oh! guison tonto,
Sentzun bagaco andiya.
Euc bere estoc duban emongo
Eure cortaco idiya.
7
–Macallau orrec illda dagos da
Nire idija viciric.
Usteldu eta bota estaisun
Nai nituban nic dubaric.
8
–Icusico doc artzen bajuat
Macallau bat bustanetic,
Mosu biyac bat eguin eta
Bialduco aut emendic.
9
–Toto Pintochu, guasen echera
Ainbat lasterren emendic.
Escayaucasac beingo beinguan
Barrencaliac arturic.
Ardi-narruz jantzirik
Gabon kanta hau lehendik ezaguna zen, ez ordea bere egilea. 2020 urtean, Juan Bautista Eguzkitzak Julio Urkijori 1921ean idatzitako gutun bat aztertuz, bertso hauek Juan Antonio Aboitizenak zirela baieztatu ahal izan da.[5]
Gutun horretan, Eguzkitzak Urkijori Vicente Egileor arrantzale lekeitiarrari jasotako bertsoak bidali zizkion. Vicente 1844an jaioa zen, bere aita Pedrorengandik (1819an jaioa) ikasia zuen kantua, eta halaber egilea Juan Antonio Aboitiz zela.
2020ra arte, kantu hau egile ezezaguneko herri baladatzat hartzen zen. Lehendik kantuaren lau bertsio ezagutzen ziren, hiru iturritatik (Antonio Zavala, Resurreccion Maria Azkue eta "Beti-Bat" ezizeneko kazetaria), denak laburragoak eta desitxuratuak. Eguzkitzak jasotakoa osoena da, hona ekarri duguna. Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2020an.[5]
1
Ardi-narruz jantzirik, gosez ta otzez illik,
artzain baten bizitza igaroten dot nik.
Banua erririk erri mundua aratuten,
Belenen jaio dala Jesus zabalduten.
2
An dakust urrunean, aitz baten gañean,
gizon bat arrantzuan itsas baztarrean.
Galdetu bear dautsat ete daben entzun,
Belenen gaberdian zer irago yakun.
3
—Kañabera orregaz zagozan gizona,
Jaungoikoak daizula zuri egun ona.
Sentidu baldin bozu emen zaratarik,
edo entzun zeruko aingeru-kantarik.
4
—Bart gaberdian legez emen irago zan,
gizon gazte eder bat egoz jantzia zan.
Aren kanta soñuaz pozez zoraturik,
gau guztia emon dot arrain bat bagarik.
5
—Ez zan arrantzalea, gu lez gozpuzduna,
bart ikusi zenduan gazte egoduna.
A zan espiritu puru abisuz yoyana,
iparrean egozan erregiekana.
6
—Neu be jungo nintzate seiña ikustera,
bart lupiña eder batzuk banitu atera.
Baña erropa zarrak eskuak utsean,
ezin sartu neiteke jaun baten etxean.
7
Neuk be ardi-narruak nebazan soñean,
baña antxe egon naz barko gau guztian.
Joan zakioz eta esan egiozu:
arrantzale pobre bati emen naiatortzu.
8
Orra or nun daukazun bere amen aurrean,
aingeru ederrakin inguru guztian.
Umildadez jantzirik aska pobre baten,
zeruko erregea geu salbatearren.
9
—Neure Jaungoiko Jauna, naz arrantzalea,
neure ondasun guztia dot kañaberea.
Baneuko zer ekarri, ez nentorke utsik:
bart bere ez dot artu bapere arrañik.
10
—Arrantzale gaisoa, nik bisitea nai dot,
urrea ez zidarra ezetako ez dot.
Zeure bisita ori askotaz geiago
estimatuten dot nik erregeenak baño.
11
Orain, arrantzalea, zeure etxera zoaz.
Bizi zaitez garbiro zeure arrantzuaz.
Itsasoko olatuak baretuko dodaz,
eta aixe gogorrak neuk bigundukodaz.
Erreferentziak
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o Kalzakorta, Jabier. (2017). «Juan Antonio Aboitiz (1751-1824) lekeitiarraren kantu eredu berriak.» Litterae Vasconicae-Euskeraren Iker Atalak (Labayru Fundazioa) 16:11-54: 11-54...
- ↑ (Gaztelaniaz) Guerediaga, M. B. de Alzola. (1971-07-01). «DOCUMENTOS DEL POETA ABOITIZ (LEKEITIO: 1751-1824)» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 27 (3-4) ISSN 0211-111X. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Goicoetxea Marcaida, Angel. (2012). «Correspondencia botánica inédita de Juan Antonio de Aboitiz» Euskonews (Euskonews) 607.
- ↑ «7.2.4.- Arraina eta ardoaren bidea | Lekeitioko kultur eta natur ondareak» lekeitiondare.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Kalzakorta, Jabier. (2020). «Dos canciones populares vascas del siglo XIX de Lekeitio» Fontes Linguae Vasconum (Iruñea: Nafarroako Gobernua) 129: 235-267..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Azkue Aberásturi, Resurrección María de. (1925). Morfología vasca / por Resurrección María de Azkue.. (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ Azkue, Resurreccion Maria. (1925). Morfologia Vasca. , 807-808 or..
- ↑ a b Uriarte, José Antonio de (O F. M. ). (L.G. 1987). Poesía bascongada : dialecto vizcaíno / José Antonio Uriarte ; Jon Kortazar, Miren Billelabeitiak prestatutako edizioa ; testuaren begiralea Joseba A. Lakarra. Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, ISBN 978-84-7752-000-9. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ «Vizcayatik... Bizkaiara» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ Resurreccion Maria Azkuek jende nagusiari eginiko elkarrizketetan jasoa: Elantxobeko neskatila batzuek bere neskamea iraindu zuten; Aboitiz orduan, etxeko leihora atera zen eta "Elantxobeko iletariak" bezala jaso diren bertsoekin erantzun zien, bat-batean, neskatila lotsagabeei.
- ↑ a b Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Juan Antonio Aboitiz - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ 1987ko edizioan, "goistic" kurtsibaz dator.
- ↑ «9.3.1.- Juan Antonio Aboitiz | Lekeitioko kultur eta natur ondareak» www.lekeitiondare.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ «Toto Pintocho» Biblioteca Digital Hispánica (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Datuak: Q126490183