Bolea kanoi

Bolea kainoia, Konrad Kyeserren Bellifortis, ca. 1405.
Heriotzaren organoa (1678) Vienako Armadaren Historiaren Museoan.

Bolea kanoia, beste izenez salba kanoi edo pistola, kanoi asko hodi-sorta bakarrean konbinatzen dituen su-arma bat da. Organo baten egituraren antza dutelako arma hauei organo-pistolak, heriotzaren organoak edo organo-kanoiak ere esan izan zaie. Kanoi guztiak aldi berean zein sekuentzialki erabil daitezke. Su-ahalmen handia izanik ere, bolea kanoiek eta metrailadore modernoek alde garrantzitsua dute: lehenek ez dute automatikoki kargatzeko eta tiro egiteko aukerarik, eta horrenbestez su ahalmena kainoi kopurura mugatzen da.

Bolea kanoi handienak artilleria normala bezala erabiltzen ziren, kanoi gurdietan muntaturik. Halere, praktikan, bolea kanoiek eta metrailaz kargatutako kanoi normalek antzerako eragina izaten zuten. Gainera, arma mota honek denbora luzeagoa behar izan zuten birkargatzeko, eta kanoi normalek baino lan gehiago ematen zuten, eraikuntzan zein mantenimenduan.

Bolea kanoiak XV-XVII mendeen artean

Erdi Aroan ribauldequin izeneko bolea kanoia garatu zen. Arma honen lehen bertsioak Eduardo III. Ingalaterrako erregearen armadak erabili zituen Ehun Urteko Gerran (1337-1360). Gerora, Suitzako armadak erabili zuen.

1570 hamarkadan Ingalaterrako gobernuak ingen of war zeritzon bolea kanoia aztertu zuen; 160 eta 320 arteko tiro kopurua egin zitzakeen, aldi berean 4, 8, 12 edo 24 bala jaurtita.[1][2]

XVI-XVII mendeko bolea kanoi poloniarrak.

XVI. eta XVII. mendeetan ere kanoi askotako armak erabili ziren: bi hoditako kanoi bat, Elizabeth-Henry izenekoa (Karlos I. Ingalaterrakoaren haurrarengatik) zaldunek erabili zuten Ingalaterrako Gerra ZIbilean, 2 libratako jaurtigaiak eta metraila botatzeko;[3] Aragoien 15 hoditako bolea kanoia garatu zen; Alemania eta Polonian armaginek eskuz heltzeko bolea kanoiak asmatu zituzten; kasu batzuetan, ezpata/pistola konbinazioak sortu zituzten.[4]

Vienako Historia Militarraren Museoan Daniel Kollmannek 1678an eraikitako organo-kanoi bat dago. 50 moskete-kanoi ditu hiru konpartimentutan, bata bestearen gainean eraikitako bi geruzatan. 1678. urtea moztuta eta errematxatuta dago kaxan, haien artean Montecuccoliko Kondeen armarria dago Urrezko Ardi-larruaren Ordenaren lepoaz inguratuta, Hungaria, Bohemia eta Austriako armarriekin. Arma bi gurpileko egurrezko gurdi batean muntatuta dago, eta 180 kg-ko pisua du guztira.[5] [6] [7]

1775ean Frantzian Du Perron izeneko armaginak bolea kanoi birkargagarri bat garatu zuen, geroko metrailadoreen aitzindaria.[8]

Bolea kanoiak XIX. mendean

XIX. mendean bi kanoi aipagarri erabili ziren, nahiz eta arrakasta handirik lortu ez.

  • New York estatuko Indar Armatuetako Origen Vandenburgh jeneralak Vandenburgh kainoia garatu zuen 1860an, abaraska konfigurazioan antolatutako 50 mmtako 85 kanoi paraleloz osatuta. Arma Ingalaterrari saltzen saiatu zen, arrakasta barik; orduan Ameriketako Estatu Konfederatuei eskaini omen zien; Sezesio Gerran ez zen arma honen erabilera errejistratu, nahiz eta ale bana aurkitu diren Fort Fisherren eta Salisburyn ( Ipar Carolina).
  • 1860 inguruan mitrailleuse izeneko arma garatu zen Frantzian. Tiroak aldi berean edo segida azkarrean jaurti zitzakeen eta Franko-Prusiako Gerran (1870-1871) erabili bazen ere, arrakasta gutxi izan zuen akats taktikoengatik.
"Ahate-oin" motako bolea pistola.

XVIII eta XIX. mendeetan bolea pistolak ere garatu ziren. Nabarmenena "ahate-oina" izenez ezagutu zena izan zen, 45. kalibrekoa, kanoiak konfigurazio diberjentean zituena (ahatearen oinak bezala), pertsona bat aurkari talde batengandik defenda zedin. Arma hau bankuetako zaindariek, espetxezainek eta itsas kapitainek erabili zuten.[9]

Britainiar Itsas Armadak Nock fusila erabili zuen, abordajeak eragozteko eta beste itsasontziei pasabidea irekitzeko. Arma James Wilsonek sortu zuen 1779an, eta Henry Nockek 500 ale ekoitzi zituen Napoleonen Gerretan erabiltzeko. Zazpi kanoi zituen eta 50. kalibreko zazpi bala jaurtitzen zituen aldi berean. Lineako itsasontzi bakoitzak 20 Nock fusil zituen, eta fragata bakoitzak 12. Baina kontuz erabili beharra zegoen, askotan tiratzailearen sorbalda luxatzen edo klabikula hausten baitzuen, atzerakada handiaren eraginez; birkarga operazioak 2 minutu inguru behar izaten zuen. Arma hau Bernard Cornwell idazlearen eleberrien bidez ezagun bihurtu da, bereziki Richard Sharpe fusilariaren abenturengatik (XIX. mende hasieran girotuak).

XX. mendean

Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik, bolea kanoiak hegazkinen aurkako defentsan entseatu ziren sekretupean, nahiz eta azkenean kanoi arruntak nagusitu. Hala ere, gerra ostean prototipo hauek Sobietar Batasunean amaitu zuten eta modelo berriak garatu ziren, altzairuzko oihala erori zenean jakin zenez. Bigarren Mundu Gerra garaiko beste bolea arma bat Fliegerfaust izan zen, 2 cm-ko jaurtigaiak botatzen zituena, baxu zetozen hegazkinei aurre egiteko diseinatua. [10]

Bertsio modernoak

Meroka bolea kanoi bat Principe de Asturias hegazkin-ontzian.

Garai modernoan, hauts-gasa edo granadak jaurtitzen dituzten bolea armekin probak egin izan dira, baina oro har ez dira erabiltzen. Metal Storm konpainia australiarra da gaur egun arma mota honen liderra: 36 kanoi dituen arma garatu du, jaurtigaiak errenkadan jarrita minutuko milioi bat tiro egiteko gai dena.

Espainiako Itsas Armadak bolea kanoi bat erabiltzen du misilen eta hegazkinen aurkako defentsarako , Meroka Flak modelokoa, 20 mmtako 12 Oerlikon kanoiez osatua.[11]

2019, Standard Manufacturing enpresak S333 Thunderstruck errebolberra aurkeztu zuen, kanoi bikoitzarekin, katuari sakatzen zaion bakoitzean bi tiro jaurtitzen dituena.[12]

Erreferentziak

  1. Letters and papers sorted and bound in date order. 1575 undated (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  2. DIRCKS, HENRY. (2021). INVENTORS AND INVENTIONS : in three parts.. SALZWASSER-VERLAG GMBH ISBN 3-7525-3166-5. PMC 1273479571. (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  3. «Earl of Northampton's Artillery page» web.archive.org 2009-09-06 (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  4. Ricketts, Howard. (1972). Firearms.. Octopus ISBN 0-7064-0041-0. PMC 1450782. (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  5. Wilhelm John, Wilhelm Erben: Katalog des k.u.k. Heeresmuseums, Wien 1903, S. 381.
  6. Heeresgeschichtliches Museum (Hrsg.): Das Heeresgeschichtliche Museum in Wien. Wien/ Graz 1960, S. 62.
  7. Heeresgeschichtliches Museum / Militärhistorisches Institut (Hrsg.): Das Heeresgeschichtliche Museum im Wiener Arsenal. Verlag Militaria, Wien 2016, ISBN 978-3-902551-69-6, S. 20
  8. (Ingelesez) «Nouveau Règlement pour la filature des soies. Observations intéressantes adressées à MM. les syndics et maîtres-gardes des manufactures en soie, sur la nécessité d'un règlement pour la filature des soies du royaume Signé : Du Perron, 1773 | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  9. (Ingelesez) Kinard, Jeff. (2003). Pistols: An Illustrated History of Their Impact. ABC-CLIO ISBN 978-1-85109-470-7. (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  10. Nuts&Bolts Vol. 3 und Vol. 8
  11. «Meroka - Portierramaryaire.com» www.portierramaryaire.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  12. (Ingelesez) Staff, Ballistic. (2019-07-10). «Standard Mfg’s 8-Capacity, Double Barrel S333 Pistol Is Finally Available» Ballistic Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q730016
  • Commonscat Multimedia: Volley guns / Q730016

  • Wd Datuak: Q730016
  • Commonscat Multimedia: Volley guns / Q730016