Trabukete

Trabukete
palanka
Irudi gehiago

Trabuketea makina sinplea da, palanka gisa erabiltzen dena, ibai, ubide edo putzu batetik ura igotzeko balio duena. Euskal Herrian ikus daitezke funtzionamenduan 21. mendean Añanako Gatz Haranean, non gatzagen langintzako tresna tradizionala izan diren.[1]

Deskribapena

Trabuketeak laguntzen du urez betetako suila erabiltzen duen pertsonaren mailara igotzen. Palanka bat da, euskarri baten gainean dagoen makila batez osatua, mutur bat bestea baino luzeagoa izango delarik. ;utur luzean, soka bat jartzen da suil edo ontzi batekin, eta, bestean, kontrapisu bat. Behar bezala orekatuta dagoenean, trabuketea horizontalean jartzen da ontzia erdi beteta dagoenean.

Trabuketea 2024an Gesaltzan, Añanako Gatz Haranean.

Trabuketearen printzipioa katapulta batzuen ingeniaritzaren oinarrian ere badago, frantsesez trebuchet deiturikoetan.[2] [3]

Historia

Trabukete bat erabiltzen Antzinako Egiptoko Tebasko hilobi bateko margoetan.

Trabuketeari jatorri egiptoarra suposatu izan zaion arren, bere erabileraren hasiera Inperio Berrian (K.a. 1550-1070) kokatuz, Mesopotamiako erliebe eta zigilu zilindrikoetan agertzen da (K.a. 3000 eta 2500 bitartean datatuak) eta Indusko zibilizazioko Mohenjo-Daro hirian ere irudikatuta dago (K.a. 2500). Erromatarrek ere erabiltzen zuten (latinez, tolleno), eta Herkulanoko fresko batean irudikatuta dago.[4]

Julio Caro Barojak idatzi zuen 19. mendean oraindik arrunta zela Europa osoan, eta honako herrialde hauetan erabiltzen zutela: "Suedia, Norvegia, Danimarka, Finlandia, Herbehereak, Alemania, Hungaria, Polonia, Balkanetako herrialdeak, Errusia, Espainia eta Portugal, baita Afrika zuria, Ekialde Ertaina, India, Txina, Japonia eta Brunswick Berria ere Kanadan".[5]

Erreferentziak

  1. «Gatza egiteko tailerra» vallesalado.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  2. Ikastetxeak, Elizbarrutiko. (2024-04-29). «Trabukete-jaurtiketa, Otxarkoaga Ikastegiko ikasketa praktikoa» Elizbarrutiko Ikastetxeak (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  3. Udala, Orozko. (2023-02-08). «Orozkoko etnografia museoak bere erakusketa iraunkorraren parte izango den pieza berri bat hartuko du larunbat honetan» Orozkoko Udala (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  4. (Gaztelaniaz) Palerm Viquiera at al., Jacinta. (2001). «Técnicas hidráulicas en México, paralelismos con el Viejo Mundo: I. Bimbaletes (shaduf)» II Encuentro sobre Historia y Medio Ambiente (Huesca) (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  5. Caro Baroja, Julio. (1983). Tecnologia popular española. Ed. Nacional, 411-412 or. ISBN 978-84-276-0588-6. (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q837176
  • Commonscat Multimedia: Shadoofs / Q837176

  • Wd Datuak: Q837176
  • Commonscat Multimedia: Shadoofs / Q837176