Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons

Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons
Jatorria
Egilea(k)Pierre de Lancre
Argitaratze-data1612
IzenburuaTableau de l'inconstance des mauvais anges et démons
Ezaugarriak
Hizkuntzafrantsesa
Argumentu nagusiaSorgin ehiza Euskal Herriana
Liburuaren marrazki bat: Sabbaten deskribapena.

Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons , où il est amplement traicté des sorciers et de la sorcellerie (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasun-taula) Pierre de Lancre inkisidoreak 1612an plazaratu zuen liburuaren izenburua da. Hurrengo urtean bigarren edizioa egin zuen eta horrek, nolabait, izan zuen arrakasta erakusten du. Lan honetan, sorginen ehiza betean, Lancrek Lapurdin eramaniko galdeketak, torturak eta kondenak xeheki kontatzen ditu. Tituluak berak adierazten duenez, sorgin gisa ikusiak zirenak galdekatzeko eta jujatzeko «eskuliburua» zen. Lapurdiko sorgin ehizan 1609ko uztailetik urrira ikusirikoa kontatzen du Delancrek. Liburuaren lehen edizioa Baionako Euskal Museoak gordetzen du, Baionan.[1][2]

Liburu hau aurretik, Parisen, 1607an, Tableau de l'inconstance et l'instabilité de toutes choses, où il est montré qu'en Dieu seul gît la vraie constance à laquelle l'homme sage doit viser liburua plazaratuta zuen.

Edukiak

Henrike III.a erregeak (Frantziako IV.a) Lancre Lapurdira bidali zuen Jean d'Espagnetekin batera, hango sorginen kontuak ikertzera.[3] Lapurdi hainbat «deabruz» betea zela erran zuen Delancrek. Kontseilariaren arabera, itsasoaren erruz zabaldu zen sorginkeriaren epidemia. Geografia aldetik, Lapurdi toki «berezia» izateaz gain, Delancreren ustez, erregearen kontrolpetik «eskapu» egiten zuen lurraldea da. Hizkuntzaren aldetik, euskara hizkuntza «bitxitzat» hartu zuen, eta onartzen du itzultzaileen beharra zuela presondegiratu eta torturapean atxikiriko emazteak ulertzeko.[1]

1612ko alean, akelarrea deskribatzen du, atal oso bat eskainiz «deabruzko» erritual horri. Atxilotu eta galdekatu zituen emazteen erantzunetatik abiatu zen: «Maria de Larralde, 28 urteko emazte ederrak sorgina zela eta, ttipitatik akelarreetara joaten zela onartu zuen. (...) erran zuen deabruak enbor forma zuela eta zangorik gabekoa zela gizaki batzuen aurpegiz apaindurik». Zintzo Garmendiaren hitzetan, atxiloturiko emazteei gorputzeko ile guziak mozten zizkieten, baita tortura fisiko eta psikologikoak eragiten ere, inkisidoreen parean amore eman zezaten. Ondorioz, haren ustez, beldurragatik eta presioagatik, inkisidoreek nahi zituzten erantzunak ukaiteko bultzatu zituzten atxilotu anitz.[1]

Bertzalde, inkisidoreak garaiko Euskal Herriko ohiturak deskribatu eta kondenatzen ditu. Horien artean, gorputzak eta dantzan aritzeko manerak deabruztatu zituen. Esplikatzen du Lapurdin ikusi zituen akelarre denborako emazteen gorputzak «kontroletik kanpo» zirela eta nolabaiteko bortizkeria irudikatzen zutela.[1]

Liburuan gai asko jorratu zituen: lapurtarren joera gaiztoak, emakumearen berezko gaiztakeria, Sabbaten prestaketa, pozoiak, oilarraren kantua, itun demonologikoa, markak eta festatxoak, dantzak, deabruarekin koitoa, likantropia, praktika sendagarriak, agerpenak, 1610eko Logroñoko fede-egintza, apaiz-aztiak, meza beltza, kontsiderazio juridikoak...[4]

Emazte atxilotuen eta hilen zerrenda luzea da Lapurdin. Gizon batzuk tarteko gehienik ehun bat emazte hil zituzten, hainbat galdekatu eta torturatu ondotik: Martinbeltsarena, Maria Ximildegi, Maria Azpilkueta, Katalina Moreles, Maria Larralde eta Katalina Landalde izan ziren haietariko batzuk.[1]

Azken edizioa

Azken edizioa Éditions Aubierrek plazaratu zuen, 1982an, Palimpseste bilduman. Paris: Hachette Bnf, 632 or.

Erreferentziak

  1. a b c d e (Gaztelaniaz) Xalbat Alzugarai Etxeberri: Delancre Lapurdiko emazteak atxilotzen hasi zeneko liburua, Berria, 2024-08-07.
  2. https://www.bilketa.eus/decouvrez/textes-choisis/tableau-de-linconstance-des-mauvais-anges-et-demons
  3. (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio. (1997). Las brujas y su mundo. Madril: Alianza Editorial ISBN 978-84-206-6368-9..
  4. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/lancre-pierre-de/ar-84793/

Ikus, gainera

  • Lapurdiko sorgin ehiza (1609)

Kanpo estekak

  • Xalbat Alzugarai Etxeberri: "Delancre Lapurdiko emazteak atxilotzen hasi zeneko liburua", Berria, 2024/08/07.
  • (Frantsesez):Liburuaren faksimila BNF webgunean.
  • (Frantsesez):Liburua Google Books webgunean.
  • (Frantsesez):Véronique Duché-Gavet: "Les sorcières de Pierre de Lancre", Rev. int. estud. vascos. Cuad., 9, 2012, 140-155 orw43.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q128714973
  • Wd Datuak: Q128714973