Piktograma olinpiko

Piktograma olinpiko
Jatorria
Ezaugarriak

Piktograma olinpikoak 1964ko Olinpiar Jokoetan estreinatu zirenetik, Olinpiar Jokoetako irudieteriako ikur seinalatu bat dira: kirol eta proba bakoitza adierazten dute, identitate bateratu bateko piktogramen sorta izaten direlarik edizio bakoitzean. Irudi antropomorfikoen siluetak izan dira 1964az geroztik piktograma hauen oinarri nagusia, baina salbuespenak izan dira, hala nola Mexikokoak 1968an eta Pariskoak 2024an.

Historia

Kiroletako piktogramen lehen saioak 1948an egin ziren, enblema moduan kokatu ziren hainbat marrazkrekin. Kirol olinpiko hauek irudikatzen zituzten: atletismoa, gimnasia, pisu-altxatzea, boxeoa, borroka, esgrima, futbola, hockeya, tiroa, txirrindularitza, hipika eta pentatloi modernoa). Ondoren, eta Melbourneko 1956ko beste saio batzuen ondoren, piktogramen lehen diseinu sistematikoa, kirolena zein zerbitzuena, Tokio 64rentzat egin zen.[1]

Lehenak, 1960ko hamarkadakoak

1964ko Jokoetan hartan Masasa Katzumie izan zen piktograma haien sorkuntzan zuzendari artistikoa eta Yoshiro Yamashita errealizadore grafikoa.[2] [3] 20 piktograma kiroletarako izan ziren, eta beste 39 informazio orokorrerako diseinatu zituzten. Jokoak Tokiora itzuli zirenean (2020ko edizioa 2021ean ospatua), piktograma sorta berria egin zuten, baina argiki 1964koetan oinarritu ziren.

Orduz geroztik, egoitza olinpiko guztiek, udakoek zein negukoek, egokitzapen eta irismen desberdinekin, beren piktograma propioak sortuko dituzte, helburu bikoitzarekin bete nahian: bisitarien antolaketa eta mugikortasuna erraztea, baina baita hiri antolatzailea kulturalki eta estetikoki identifikatzen saiatzea ere.

Mexiko 1968an Manuel Villazón eta Mathias Goeritz artista mexikarren zuzendaritzapean egin ziren piktogramak, Lance Wyman eta Eduardo Terrazasen diseinu grafikoarekin. Konposizio-elementu eskematikoen gainetik, kirol bakoitza marrazki errealista baten bidez irudikatu zituzten. Horretarako, kasu askotan, oso figura erretoriko espezifikoa erabili zuten, osotasuna parte batekin irudikatuz, hala nola baloia futbolerako, gimnasiarako esku bat eraztunetik zintzilika.[4]

  • Tokioko 1964ko piktogramak, tradizio hau hasi zutenak.
    Tokioko 1964ko piktogramak, tradizio hau hasi zutenak.
  • Tokioko 2020ko piktogramak (ezkerretan) 1964ko hiri berekoetan inspiratu ziren nagusiki.
    Tokioko 2020ko piktogramak (ezkerretan) 1964ko hiri berekoetan inspiratu ziren nagusiki.
  • Gimnastikako piktograma bat, kiroldegi batean nabarmen Mexiko'68an.
    Gimnastikako piktograma bat, kiroldegi batean nabarmen Mexiko'68an.
  • Boxeoko Mexikoko piktograma, 50 urte geroago berregina.
    Boxeoko Mexikoko piktograma, 50 urte geroago berregina.

Munich 1972 eta bere eragin luzea

Otl Aicher disenatzaileak sortu zituen 1972ko Municheko piktogramak, eta haietan kirol jardun tipikoetan agertzen dira siluetak. Arau grafiko eta geometrikoen sistema zorrotz baten arabera egin ziren, eta horrek bereizten ditu, Karratu baten barruan, piktogramen lerroak 45º-ko edo 90º-ko angeluetan oinarritzen dira.[5]

Municheko 1972ko bi piktograma, atletismokoa eta futbolekoa.

Multzo honetarako garatutako estiloa mugarria da bai olinpiar piktogramen diseinuari dagokionez (ondorengo edizioetako piktogramen multzoetan eragin handia izan zuten), bai orokorrean piktogramen diseinuan eta hedapenean: harrezkero, gertakari sozialetan eta instalazio publiko gehienetan ohikoa bilakatu da piktogramen erabilpena, eta Aicherren lanaren arrakastari zor zaio hori hein batean.[1]

Moskuko jokoetako logotipo nagusia eta su-eramaile baten piktograma.

Hain zuzen, Montreal 1976an Municheko piktogramak erabiltzeko baimena eskatu zuten, eta funtsean haietan aldaera txiki batzuk eginez (Georges Huel eta Pierre-Yves Pelletier diseinatzaileen bidez), berdina da erabilitako sorta.[1] Irudietako posizio zehatzak gutxitan aldatzen dira, adibidez judoaren piktograman.[5] Urte batzuk geroago, Calgaryko Neguko 1988ko Jokoetan, berriz Munichekoak erabili zituzten.[6]

Moskuko 1980ko piktogramek nolabait marrazki formara jo zuten berriro. Nikolai Belkovek diseinatu zituen piktograma horiek, Sobietar Batasuneko hainbat arte eta diseinu eskolatako graduatuen arteko lehiaketa baten irabazleak.[1] Kiroletako piktogramez gain, su olinpikoaren eta haren erreleboaren irudi zenbait ere sortu ziren.[7]

Aicherrek Municheko sortan neguko kiroletarakoak ere sortu ziren, eta hauek, hain zuzen Calgary 1988an erabili ziren.

Hurrengo Jokoetan, Sarajevon (1984, Negukoak), Los Angelesen (1984, Udakoak), Seulen (1988, Udakoak) eta Calgaryn (1988, Negukoak), Aicherrek 1972an ezarritako formetara itzuli ziren, Calgaryn multzo hura erreplikatuz, baina beste kasuetan egokitzapenekin. Los Angeleseko Jokoen antolatzaileek garestiegi iritzi zioten Municheko piktogramen eskubideak erosteari, eta nahiago izan zuten Keith Bright and Associates bulegoari diseinu berri bat enkargatzea. Egin zutenak Municheko piktogramek erabiltzen dituzten ezaugarri berberak erabiltzen dituzte, atleten gorputzaren posizio berak, baina gorputzeko zatiak sei ataletan daude bereizita.[1] [8]

Seulgo 1988ko piktogramek Los Angelesko eta Municheko piktogramen oso antzeko egitura errepikatzen dute, baina hedatu ziren kiroletatik (30 piktograma, eta beste bat su olinpikoarentzat), 78 zerbitzu gehigarri adierazteko (hiri olinpikoa, hedabideen gunea, epaileak eta beste hainbat).[1]

Josep Maria Triasek sortutako logo hau izan zen halaber piktogramen ikonografiaren ardatza 1992ko Jokoetan.

Albertville 1992ko Neguko Jokoetako piktogramek, neguko kiroletarako piktogrametan aurretik nabarmendu ziren elementu batzuk errepikatu ziren (abiadura eta mugimendua) eta hautatu zuten maskotaren lerro grafikoaren estiloan egin ziren, eta nolabait Aicherren piktogramen lerro formala baztertu zuten.

Barcelona 1992ko piktogramek, logotipoaren diseinuan izan zuten abiapuntua, eta diseinatzaile bera: Josep Maria Trias. Diseinu olinpikoaren historian lehen aldiz izaera antropomorfikoa izan zuen logotipo hark, gizaki baten saltoa, eta horrek estrapolazioa erraztu zuen. Pintzel batek eginiko marren antza zegoen logotipoan, eta pintzelkada moduko horiek errepikatu ziren piktogrametan.[9]

21. mendekoak

21. mendeko Jokoetan erabilitako piktogramek jarraitu zuten oro har silueta antropomorfikoen tradizioa, baina Paris 2024an eraldaketa proposatu zuen antolakuntzak, piktograma desberdinak sortuz.

Bereizgarritasuna izan zuten Atenaskoek (2004ko Udako Jokoak), eta Pekingoek (2008ko Udakoak) bi herrialdeetako antzinateko ikonografiari erreferentziak sartu zituztelako irudietan, Greziaren kasuan Zikladeetako eskulturaren lerroak ekarriz gogora,[8] eta modu bertsuan Txinan bi milurte lehenagoko zigilu idazkera hartuz inspirazio gisa.[10]

Tokioko 2020ko Jokoetan (2021ean ospatuak), piktograma sorta 1964ko hiri bereko Jokoetakoan oinarritu zuten. Animazioak ere egin ziren piktogrametarako urte honetako sortan, mugimendua gehituta irudiei.[11]

  • Peking 2008ko piktograma batzuk.
    Peking 2008ko piktograma batzuk.
  • Zigilu-idazkera txinatarra, ondokoen inspirazio.
    Zigilu-idazkera txinatarra, ondokoen inspirazio.
  • Saskibaloiko piktograma, Paris 2024an.
    Saskibaloiko piktograma, Paris 2024an.

Paris 20204an, guztiz bestelako enfoke aplikatu zuten; irudi antropomorfikoak alboratuz, simetria ardatzen inguruan sortutako armarri formako piktograma berritzaileak sortu zituzten.[12] Joachim Roncin jokoetako diseinu-arduradunak zuzendu zuen piktogramen garapena.[13]

Wikipediako piktogramak

Joko Olinpikoetako piktograma-sorta bakoitza antolatzaile bakoitzaren jabetza intelektuala izan ohi da, eta Wikipedian irudiak ikusten ahal badira, Wikimedia Commons-eko arauekin bat datozen erabilpen kasuak errespetatzen direlako da, dela panorama-askatasuna edo beste motiboren bat.

Hala ere, wikilari saiatuen bidez, piktograma olinpikoen sorta bateratu bat sortu egin ahal izan da 2007tik,[14] eta hainbat orri eta proiektutan erabiltzen dira. Silueta antropormofoen tradizio nagusiari jarraitzen dio multzo libre honek.

Wikipediak darabilen piktograma sortaren adibide batzuk.
  • Soka-tira, kirol olinpikoa izan zen 1920 bitartean.
    Soka-tira, kirol olinpikoa izan zen 1920 bitartean.
  • Curling, Neguko Jokoetako kirola.
    Curling, Neguko Jokoetako kirola.
  • Euskal pilota, zesta-puntak adierazia.
    Euskal pilota, zesta-puntak adierazia.
  • Saskibaloia gurpildun aulkiarekin, kirol paralinpikoa.
    Saskibaloia gurpildun aulkiarekin, kirol paralinpikoa.
  • Arkularitza, Udako Jokoetako kirola.
    Arkularitza, Udako Jokoetako kirola.

Erreferentziak

  1. a b c d e f (Gaztelaniaz) de Moragas Spà, Miquel. (1992). Los pictogramas en la historia de los Juegos Olímpicos de Tokio’64 a Barcelona’92. Barcelona: Centre d’Estudis Olímpics UAB. (Noiz kontsultatua: 2024-09-03).
  2. «Pictograms Olympic Games 1964 Tokyo» www.olympic-museum.de (Noiz kontsultatua: 2024-09-03).
  3. (Gaztelaniaz) Yoshiro Yamashita, Otl Aicher y los Juegos Olímpicos de Tokio de 1964 – Diseño Japón 設計. (Noiz kontsultatua: 2024-09-03).
  4. «Mexico 68 - Pictograms - The Olympic Museum Archives» Google Arts & Culture (Noiz kontsultatua: 2024-09-03).
  5. a b (Ingelesez) «Olympic Pictograms: Design through History» Media Made Great 2016-08-16 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  6. (Ingelesez) Centre, The Olympic Studies. (2021). The sports pictograms of the Olympic Winter Games from Grenoble 1968 to Beijing 2022 / The Olympic Studies Centre. The Olympic Studies Centre (Noiz kontsultatua: 2024-09-06).
  7. (Ingelesez) «Moscow 1980: Sports Pictograms» theolympicdesign – Olympic Design Webseite! (Noiz kontsultatua: 2024-09-05).
  8. a b (Ingelesez) Centre, The Olympic Studies. (2024). The sports pictograms of the Olympic Summer Games from Tokyo 1964 to Paris 2024 / The Olympic Studies Centre. The Olympic Studies Centre (Noiz kontsultatua: 2024-09-06).
  9. (Ingelesez) «Barcelona 1992: Sports Pictograms» theolympicdesign – Olympic Design Webseite! (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
  10. (Ingelesez) Info, Pinyin. (2006-08-08). Beijing Olympics to use icons modeled after seal script | Pinyin News. (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  11. (Gaztelaniaz) Gràffica. (2021-08-03). «Los pictogramas animados de Tokio 2021» Gràffica (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  12. (Gaztelaniaz) Gómez, Hugo. (2023-03-24). «París 2024 «reinventa» los pictogramas de los Juegos Olímpicos» La Criatura Creativa (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  13. (Frantsesez) graphéine, Tiphaine. (2023-02-14). «Les nouveaux pictogrammes des Jeux Olympiques de Paris 2024 n'auront pas la médaille d'or» Graphéine - Agence de communication Paris Lyon (Noiz kontsultatua: 2024-09-08).
  14. Wikimedia Commons-en Parutakupiu erabiltzailearen ekarpenekin hasi zen sorta.

Kanpo estekak

  • Parutakupiu wikilariaren ekarpenak, piktograma sorta librea.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q129095166
  • Commonscat Multimedia: Olympic pictograms / Q129095166

  • Wd Datuak: Q129095166
  • Commonscat Multimedia: Olympic pictograms / Q129095166